XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zeruetako izarrak

1997an Zuberoan molde arras berezi batez ospatu da Abbadia Ûrrûstoi izargilearen hiltzearen mende hurrena: Sohûtan, ikastola berri auzolanean eraikiz.

Uztaro arte atelierrak bi gertakarien biltzea proposatu zuen, ikastolaren obren alde ABADIAREN IZARRAK izeneko ikusgarria plantatuz.

Ikusgarri osoa zen eta da, Donibane Garazin eskainiko baita oraino maiatzean Abadiaren Izarrak deitu hura: dantza, kantua, antzerkia, bideoa, olerki erraitea etab. denak berriak dira, eta askorengan harridura ez beti baiezkorra, ulertzeza eta ere xoramena ekarri dutenak.

Maulen eman zelarik lehen aldikoz 1997ko urriaren 18an Maule Baita zinema gelan, ateratzean aski ziren aburu ezberdinak behatzea frogatzeko jokolariek eta emanaldiak ez zuela neho axolagabeti utzi.

Oinarrizko textoa nik, 1996ko larrazkenean idatzi nuen, burua ikastola berriaren inguruko eztabadetan itoa nuelarik.

Uztarokidei erraiten nien usu ez nintzela sekula helduko logika edukiko zuen zerbaiten papereratzera: textoa bortitz, primitiboa, aitzur eta aizkoradaz bezala idatzia nuen, iduriz goitika, horren izkribatzeak nolazpait salbatuko ninduela sinetsiz.

Egoera orokorra aski nabari da naski texto hortan.

Azkenean, desertu lehiaz nihaur, Rimbaud milagarren aldikoz irakurri nuelarik, Charlesvillesko poetak bere amari igortzen zion gutun batean lotura kausitu nuen: Rimbaud Abadiaren Etiopiari buruzko aipamenak haurdanik ezagun zituen eta amari galdatzen zion bidal ziezon lehen bai lehen Abadiak Amariña hizkuntzaz agertu hiztegia.

Hortik aitzina, Uztarokoek ontsa antolatu zuten eran taula gainean, barne/kanpo jokoa zen.

Hemen publikatzen diren textoak, ikusgarriko olerki eta kantuak dira, sorkuntzak eta itzulpenak, Glenmor, Manuel Maria eta Miquel Marti i Poli omenez, Tehenta taldeak eta ikastolako burasoen koroak abestuak, egiaz 1990ko Ikastolako Pastoraleko zenbait kantari.

Uztaro arte atelierreko kideak usatuak dira gisa hortako lanen montatzen, jadanik ene texto bat zutabe, 199an Mundu Mineralak oroigarriak plantatu baitzuten.

Beti saiatzen dira erakustera Xibero honek, Epinaleko itxuretarik urrunago ihardoki, oldartu, garatu eta bizi nahi duela.

Artearen egiazko funtsa ote?